XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez ote da Errusiako nekazaritza munduko tsar eta tsarinaz betetako maitagarri ipuinetan gertatzen dena gertatzen?.

Dena dela, hemen kontatzailea ia beti ijitoa izaten da (nik esaten dizudan bezala, jauna, horrela kontatzeagatik txelin bat ordaindu didate eta!) eta, alditan, entzulegoa kontuan hartzen dutelako, ipuina zer edo zer moldatu eta ijitoren bat agertzen da pertsonaien artean; Bobby Rag, Txakurra eta dontzeila eta Jack eta bere urrezko tabakontzia ipuinetan adibidez.

Honelakoetan, herri ipuinetan ematen diren egoera miragarri horiek direla medio, agertzen da ijitoa bere benetako izaeran: marjinatua eta ahal duen moduan bizibidea atera behar duen ibiltari nekaezin bat bezala.

Lehenengo aldiz 1.899. urtean Londresen argitaratu zen ijitoen ipuin sorta hau, folklore bilketetan hainbestetan gertatu ohi den bezala, antropologo eta etnografo batek egindako lana da.

Francis Hindes Groome ingeles biltzailea ez zen ijitoa, baina ziur aski oso ondo ezagutzen zituen Ingalaterra eta Galeseko ijitoak, beraiekin bizi izandakoa zen eta.

Gainera balio handiko beste dokumentu batzuk ere erabili zituen hau egiteko, Gypsy Lore Journal (1.888-1.892) adibidez, argitalpen urria izan zuelako eskuratzea zaila den liburua berau, edota bere bizitza osoa Alemania, Austria, Frantzia, Italia, Iran, Asia Txikia eta Indiako ijitoen artean eman zuen sendagile errusiar baten testigantzak.

Hemen eskaintzen zaizuena, bada, ekintza eta amaiera zoriontsuzko abentura ugari duen ipuin sorta atsegin bat baino areago, dokumentu folkloriko bat ere bada.

Ea, komunikabideak askotan ez bezala, ijitoei buruzko gure ikuspegia zabaltzen eta zuzentzen laguntzen digun. SEVE CALLEJA.